Ene egunak begiak zeruan iragaiten nituen, orainaldian bizitzen irauten duten horiengandik baino, nigandik hurbilago dagoen zeru hartan. Bertzelako bizitza zirudien, non nire adineko neskekin biltzen nintzen elgarrekin ibiltzeko edo Bernarten azken gertakari eta kantuetaz solastatzeko.
Ez naiz orain emazteen salara jaisten, lorategiko atea ere ez dut jadanik zeharkatzen, edo morroinek lan egiten duten bideer buruzko zubia ez dut pasatzen.
Aitarengandik beharrezkoa den bizigaia heltzen zait, hala nola juglaresen libertimendua, askari orenean justoki errezita eta kantatzen dutenak. Aitak jadanik disposatu du ene ezkontza eta lasai egon nahi du. Enetzat gordea du, preseski antolatua, omenaldi-dorrea. Solasgai desapropos gabe bizi behar dut. Ene senarra errege da, bi aldiz alarguna. Kontent egon beharra daukat eta zinez ez dut ezkontza honetarako leku hoberenik, gortearen onespenarekin finkatzeko, nehoren ez den nire etorkizunaren alorrean. Urrun ez den egunen batean, ezteia ospatuko duten torneoen baino lehen, ene senarra ezagutuko dut eraztunarekin etorriko dena.
Aitaren juglaresek oso gazteak dirudite, esklabuak izanak dira urrundik ekarriak, gure artean libertatea kantuz atxeman dutenak. Artistak amodioen erresumakoak baitira segurki.
Aitak konkistaturiko leku desezagunak ez lirateke biziko gure dohainengatik ez balitz.
Leku horietan bizi diren gizonek zaindu behar gaituzte, gaztelutik alai igaraiten den ibaia hel dakien. Kontent sentitu beharra daukat -beti behar kontua da- harresietatik kanpoan bizi diren neskatilak bezala, libroki ibaian mainatzen ahal direnak.
Juglaresek haizeari buruzko gauzak baizik ez dute kantatzen, baina hemen goian naizenetik nere bizi osoa jarri dut belarrian haiek entzuteko.
Trobar leu-a lantzen dute eta behin baino gehiagotan Diako Beatriz oroitarazi zidaten:
...ene bihotza emaiten diot, ene amodioa,
ene ezagutza, ene begiak, ene bizia.
Jaunzten dituzten arropetan badirudi kolore guziak borrokan direla nor gehiagoka.
Eta kapelu batzuk eramaiten dituzte so egiteko zailak direnak zeren dituzten formak ez baitira batere ezagunak. Horietako batek beti, Rafaelak edo Mertzedesek, adio erraiteko tenorea hurbil izaki, kantatzen du, kasik gure mihietatik iheska dabilela- paradisuko hegaztien gisan- zerbait, sekulan entzun ez diren hitzez beterik non soinua baizik ez den gozatzen.
Atzo kantu hori gelditu gabe errepika zezaten galdegin nien. Biek kantatu zuten beraz eta eguzki islada batek hartuak izan ziren, haiek ene besotik haratago eramanik.
Bazirudien begiekin gozatzen zutela kantatzen zutena.
Koblakari bat Darnauchans izenekoa, agertzen zen haien hitzen artean, eta gauza magikoa zen bere kantuan berak gu oroitzea, nahiz eta gu sekulan ez ikusi eta bere erresuma hura Uruguaikoa egiazkoa ote zen nik ere ez jakin. Bukatzen eta berriz hasten ziren. Kantua liluragarria zen hain ederra izanik.
Eguzkiak fruitu guztien ura edateko desira bazekarren; hark astun bilakatzen zuen soinekoa eta guardasoletan geriztatzera behartzen ninduen. Piskat maukak edo igo nitzakeen, baina ez gehiegi, isladak jotzen zuen eta zuri-zuri egon behar nuen, eskuetatik begitarteraino, orain senarra ukanen nuelarik.
Eguzki orenkaria ipar-ekialdeko dorrean dago xut, ene aitaren deliberoaren zaindari gisa.
Nire beharra bera ikustea da, eta kolorez ene garbitzapen sakratuaren egunak marraztea.
Sentitzen dut denboraren lauki hori biraka dabilela eta jaurtirik aitzina jalgitzen doala.
Eta gaur eratzanik, pentsamenduak non jarri jakin gabe Rafaela eta Mertzedesen kantuaren doinuan antolatzen diren pentsamenduak, aihen ahula aditu dut, bainan hain eskale bere soinu atxikian non lasterka hurbildu naizen almenetara. Urrun lur-sailak bukatzen ziren, ene sehiekin zaldiz zeharkatzen genituenak, mahastiek eta gariek miretsirik; haratago, ibaiko zuhaztiaren leku ezkutuak. Begiak behean jartzean, zola ikusi nuen edo alauden hodei bat. Geldi ziren, hegalak tinki, eta ikusi baino irudikatu behar zen mugimenduren bat egiten zutenentz. Zuhaitzen kontra abiatzeko indarrak biltzeko unean heldua nintzela sentitu nintzen, edo elkar hiltzekoan.
Alauda uholde bat bazen askatzeko. Eguzkiak kolore gorrixka emaiten zien. Baziren eta ez ziren alaudak. Xoriak baino handiago zuten burua, eta lumez estaliriko ixiltasun hortan kantuak metatzen zituzten. Xori-saldo ororen begiradak han behean atxikia zirudien. Pentsatu nuen, nola, hain oldarkor egoki, holako tristetasunaz oihukatzen dute? Eta aihena aditu nuen berriz, anitzez ahulago eta hurbil. Makurtu nintzen eta xori bakar bat kausitu nuen, luma gris, mokoa irekirik eta begiak iziturik, bustirik hegaldi erdian euriak harrapatua balitz bezala, gazteluz kanpoko harresi-kapitelean kukutzen zela. Xoriak beldurrez urtzen zela pentsatzea bertzerik ez dut, alauden saldoa oldarkeria mokoetan, hegalak, isiltasuna eta baretasuna ikusten zituela. Xori grisa kasik nire esku zegoen eta bere beldurrari orain alauden tokira botatzearen ziurgabetasuna gehitzen zen. Elkarri so egin genion.
Xori harentzat soa atxiki zidan denbora amaigabe egin zitzaiola pentsatzen dut, ene orenak dorrean bezain amaigabekoa. Alaudak hodeian izakiak oro nagusitzen zuten. Xori grisaren luma bustien barnean sentitu nintzen. Gibelera egin nuen. Eguzkiak ene itzala aitzina eramaiten zuen. Jadanik guti falta zen lauta eta bandurriarekin etor zitezen, eta, atzo egin zuten bezala, kantu horretaz
aitunen-seme baten izena brodatzen ahal zen oihal berri altxatuko zuten, ikusiz nola letren artetik bere izena goititzen zen. Kasik bere gizonezko abotza aditzen ahal nuen.
Betan, eguzkiak aho handizki irekiriko kolore gorrixka hartu zuen. Ez zuen jotzen, baizik eta zorabiatzen zuen. Jauntziak bakoizka kendu nituen, litera gainean utziz irudi bat osatzeko, ibaiertzetik korritzera joan zen neskatila baten arropak bilaka zitezen. Urrin eta gatzen bainugelan sartzerakoan bezala gelditu nintzen. Bitxia zen nire gorputza eguzki pean bilutzik. Airean ageri zen juglaresen kantua.
Beti hola egiteko desira izan nuela ikusi nuen. Begiak itxita eguzkiak barnetik erretzen zuela sentitzen nuen eta alauden koloreak birazka zebilela nire itxitako betazaletan. Ene ahizpen irudi lanbrotsu batzuk bermoldatu ziren, nondik ez dakit, adiera ezin, zeren ezkondu zirenetik ez nituen geroztik ikusi eta familiko bileretan ere ez zen haien aipu.
Rafaela eta Mertzedes etortzean nire jaunzturak aurkituko dituzte, antolatuak, eta ez dute denbora galtzerik ukanen, musika tresnak utzi behar izanen dute eskaileretatik berriarekin pirritatzeko. Zortearen laguntza behar izanen dute hogena ez diezaieten lepora.
Bainan nehongo inkisidoreri bururatuko zaio urrungo erresumaren kantua errepikaratzea, kolore miresgarrien erdian mutilak dituena. Almenetara ibili nintzen eta igo nintzen. Besoak hegalak bezala jarri nituen eta abiatu nintzen. Instant batez haiek bezala geldituko nintzen, hegal egiten.
Montebideon 2014ko urriaren 25ean
Leonat Egiazabal
(itzulpena)